AkroYogaren Gaineko Ohiko Galderak

Zer da AkroYoga?
Erantzun laburra (eta begien bistakoa) hitzen konbinaketarekin adierazi daiteke. Hau da, bikotean egindako Yoga eta akrobaziaren arteko nahasketa dela esan genezake.

Erantzun luzea… amaiezina izateaz gain, egile adina aldaera ditu eta ibilbide ezberdinez osatuta dago. Ondorengo lerroetan nire AkroYogaren gaineko ikuspegi xumea irakurriko duzu.

AkroYoga mugimendu ekintza da eta bere iturrian, besteak beste, hauek ditu: alde batetik Yoga bera, eta bestetik akrobazia jarduteak (gimnastikoak, zirkukoak, borroka arteak,…). Baina horietaz gain, jardute terapeutikoak (thailandiar masajea) edo dantza mota ezberdinak (dantza garaikidea zein break-dance estiloak) hartzen ditu barnean. Eta ekintza organikoa den heinean bizirik dago eta eboluzioa etengabea du.

Beraz, ekintza organiko eta dibertigarria da, zirraragarria eta bizigarria. Zure gorputza eta burua eraldatzeko gaitasuna du eta gainera, pertsonekin erlazionatzeko orduan eragin oso positiboa du. AkroYogak bere barnean hainbat osagai uztartzen ditu: indarra, malgutasuna, oreka, gorputz-atalen posizioaren kontzientzia, mugikortasuna, koordinazioa eta bizkortasuna. Bestetik, burua edo adimenarekin lotuta dauden osagaiak eta osagai emozionalak ditu: konfidantzaren garapena (norberan eta besteengan), aisia, jolasa, harridura, autoestimua, enpatia, beldurrak, mugak lantzea eta sinesmenak gainditzea. AkroYoga gizarte ekintza kolaboratiboa da, horregatik pertsonak, kideak eta taldea beharrezko dituzu aurrera egin nahi baduzu.

Jarduera sortzailea da, ikertzeko eta asmatzeko jarduera, eta testuinguru bikaina eskaintzen du eraikitzeko eta sortzeko. Gorputzaren bidez adierazteko bitartekoa ere bada, eta nola ez, gonbidapen bat: haurrek bezala jolasteko, irribarre egiteko, sentitzeko, sortzeko edo hegan egiteko gonbidapen irekia.

AkroYoga aurkikuntza da, proposatzen duzuna lortzeko bide bat.

AkroYoga orainaldia beste pertsona batekin orekan izatea da.

AcroYoga elkartasuna da.

Baina, hauek guztiak zure burmuinera zuzendutako hitzak besterik ez dira. Ulertzeko, benetan ulertzeko modu onena, zure gorputzari AkroYogaren esperientzia izateko aukera ematea da!

Yogan aritua edo aditua izan behar al dut AkroYoga egiteko?
Ez ba! Ez duzu zergatik Yogaren esperientziaren beharrik.

Jakina da Yogak gorputzaren kontzientzia, malgutasuna eta arnasketa-gorputz lotura garatzen laguntzen duela. Baliabide horiek zurekin badituzu akroyogan ere lagungarri izango zaizkizu (edozein kiroletan edo mugimendu jardueran lagungarri diren modu berean).

Dena den, litekeena da akroyogaren jardueran Yoga ere ikastea, eta arlo horretan sakontzeko gogoa piztea.

Alde akrobatikoak erakartzen nau, ez ordea Yogak. AkroYoga egin al dezaket?
“AkroYoga” izena du Yoga ekuazioaren % 50a delako. Badira pertsonak alde akrobatikoa soilik ikusten dutenak (izan ere, hau da alde ikusgarriena eta argazkietan eta bideoetan agertzen dena). Izatez, Yoga bizitza filosofia dugu, diziplina espirituala, edo bizi jarrera bat. Horregatik, Yoga baliagarri izango zaigu norberaren Egoa gainjartzen denean eta “nor baino hobea” izateko obsesioak harrapatzen bagaitu. Adibidez, Instagrameko jarraitzaileak zenbatzen ditugunean, edo ariketa bati tamaina hartzen gehiegi tematzen bagara,… orduan, galdu egiten gara eta akroyogan aritzeko arrazoi nagusia ahaztu egiten dugu

Eta hitz hauek ez badizute ezer esaten, edo hippy kontuak direla uste baduzu, agian akroyoga ez da zuretzako jarduera izango bizitzako momentu honetan. Eta ez da ezer gertatzen.

“Sasoian” egon behar al dut AkroYoga egiteko?
Aski duzu burua irekita mantentzea eta probatzeko gogoa izatea. Sasoian ez zaudela sentitzen baduzu ere, ziurtatzen dizut zailago izango zaizula zure buruari gai zarela esatea akroyogako lehen irudiak egitea baino. Malgutasuna eta indarra lagun izan ditzakezu, baina akroyoga pertsona bakoitzari egokitu dakioke, jarduera moldagarria delako eta denon eskura dagoelako.

AkroYoga hain da dibertigarria indarra eta malgutasuna berehala garatuko dituzula, ariketa fisikoa egiten ari zarela konturatu gabe ere.

Oso malgua izan behar al dut AkroYoga egiteko?
Yogarekin gertatzen den moduan, malgutasuna ez da aldez aurreko baldintza, praktikaren ondorioa baizik. Gero eta gehiago praktikatu, maiztasunarekin eginez gero, malgutasuna asko garatuko duzu. Hor nire hitza duzu!

Egia da “L-basing” edo oinarri bezala parte hartzeko (oinarrian kokatuta dagoena lurrean ahoz gora etzanda dago, hankak goian eta guztiz luzatuta, aldaka 90º-ra tolestuta), beharrezkoa izango dela malgutasun apur bat izatea aurreko katean (iskiotibialetan eta muskulu bikietan bereziki). Kasu honetan, sakro azpian euskarri egokia jartzea gomendatzen dizut (estera bildu bat, kuxina edo ziri formadun zerbait). Horrela, zure oinak aldakaren gainetik eta luzapen osoan jartzea errazago izango zaizu. Baina ez dezagun ahaztu oinarri posizioan egoteko jarrera asko dagoela!

Hegalari rolean ere ez da beharrezkoa bihurrikaria izatea. Denborarekin zure giharrak lasaitzen ikasiko duzu. Tenkatuta egon beharrean aktibo egongo zara eta malgutasuna irabaziko duzu.

Bestalde, oso malgua bazara ere, akroyoga ez zaizu horregatik bereziki erraza egingo. Izan ere, indar nahikoa beharrezko da malgutasuna sostengatzeko eta lesioak ekiditeko. Batez ere belaunetako edo ukondoetako hiper-hedapena baduzu edo artikulazioak hiperlaxoak edo luxaziorako joerarekin badituzu. Aipatutakoak zure kasuak baldin badira, akroyoga lagun izango duzu artikulazioak orekatzen dituen giharreriaren indarra eta erdigunearen kontzientzia lortzeko (batik bat eskapula eta pelbiseko gerrikoan).

“Edozeinek” egin al dezake AkroYoga? Ez al dago arrisku edo kontraindikaziorik?
Sinistu! Horrela da. Edozein pertsonak egin dezake AkroYoga forma batean edo bestean. AkroYoga jarduera egokigarria da, teknika eta mugimendu maila asko dituelako. Horregatik erantzuna baiezkoa da: edozeinek egin dezake. Egia da edozeinek ezingo duela lehen egunean hand2hand egin, edo Ninja Star azkar batean menperatu. Baina guztion eskura dago akroyoga, osagai nagusiak konexioa, jokoa eta kontzientzia direlako.
Eta adibide interesgarriak ditugu, esaterako hanka-protesiarekin jarduten den Peter Greenwood-en kasua, edo Andrew Cohen, ia itsua eta gorra den pertsonaren kasua. Bestetik, desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonen esperientzia zoragarriak ere baditugu, Samanta Bullocken ereduarekin.

AkroYoga pertsona bakoitzari egokitzen zaio, Yogarekin gertatzen den bezala eta ez alderantziz.

Halere, zenbait gauza kontuan hartu beharko dituzu:

  • Beste pertsonak ukitzea edo haiek zu ukitzea arazoa baduzu… baliteke akroyoga zuretzat ez izatea (edo agian terapia moduan hartu dezakezu mugak apurtzeko).
  • Zorabioak badituzu edo arteria-presioa altua edo baxua baduzu, alderantzizko jarrerak edota hegalariaren rola ekidin beharko dituzu.
  • Diskoko herniak badituzu, aldaka hezurrean arazoak, sakro hezurreko lesioak edo berriki egindako kirurgia baduzu, hobe duzu medikuari edo fisioterapeutari galdetzea. Eta oniritzia baduzu ere, AkroYoga kontu handiz egitea, beti zure gorputzak ematen dizkizun mezuei oso adi.
  • Haurdun bazaude ez da AkroYogarekin hasteko momenturik onena izango. Aldiz, akroyogini aditua bazara, jarraitzeko eragozpenik ez da izango arreta-neurriak hartuz gero.

Eskolen gainean:

Bikotea behar al dut edo lagun batekin joan behar al dut?
Ez! Akroyogan jarduteko gutxienez beste pertsona bat beharko duzun arren, ez da beharrezkoa eskoletara edo Jam sesioetara bikotearekin etortzea. Lagunduta bazatoz ere, normalean akroyogan 3-4 pertsonako taldeetan aritzen gara. Oinarria eta Hegalariaz gain, Spotter (edo zaintzailea) beharrezko izaten direlako modu seguruan lan egiteko eta teknika konplexuekin aurrera egiteko.
Eskolan zehar ohikoa da taldeak aldatzen joatea eta pertsona ezberdinekin frogatzea. Gainera, gorputz ezberdinekin lan egitea oso aberasgarria egingo zaizu. Izan ere, teknika hobea garatuko duzu baldin eta mugimenduak eta figurak gorputz ezberdinekin nola egokitu ulertzen baduzu.

Ulergarria da ezagun duzun pertsona edo gorputzarekin erosoago sentitzea, baina aizu! ez al zen akroyoga ongizate-zona zabaltzeko modu bat?
Dena den, oso argi baduzu eta zure bikotearekin bakarrik landu nahi baduzu, hitz egin zure irakaslearekin eta kontuan izan gutxieneko segurtasun neurriengatik hirugarren pertsona baten laguntza ezinbesteko izango duzuela eta taldean integratu beharko duzuela.

Nire lehen AkroYoga eskolara joango naiz, zer espero dezaket?
Hasteko eta behin, eskola mota ezberdinak daudela kontuan izan beharko duzu: hastapen eskola, maila anitzeko nahasketa, jaialdi baten barruko trinkoa, erretiroa,… Horregatik, zalantzarik baduzu, eskatu irakasleari eskolako programa, eta galdetu zuri dagokizun mailaren gainean.

Eskola saioak, ondo antolatutako saioak badira, beroketarekin hasten dira. Yogako asanak edo vinyasak beroketaren parte izan daitezke, baita jokoak (izotzaldia urtzeko, berotzeko, konfiantza lortzeko…) eta prestatze ariketak ere (indarrezkoak, mugikortasuna, malgutasuna, integratzea eta oreka lantzeko ariketak…). Ondoren AkroYogako jarrera edota trantsizioak azalduko dizkizute, maila errazetik hasita eta gorako progresioan, aldaketak eta aukerak eskainiz beharrezko denean.
Askotariko ariketak egiten dira eskola batean, besteak beste: kontra-balantzak, bikotean egindako Yoga, ariketa bertikalak (handstands), zaintzeko ariketak(spotting), sormen ariketak,… Idealki denbora izango duzu jarrera eta trantsizio horiek rol ezberdinetan saiatzeko: oinarri, hegalari eta zaintzailearen lekuan. Baina ez da inoiz derrigorrezkoa izango azaldutako guztia rol guztietan egitea. Gustura sentiarazten zaituena egitea da helburua.
Eskola ondo amaitzeko, akrobaziaren intentsitatearen ondoren, lurreratzeko ekintzak egingo dira gorputzak eta gogoak lasaitzeko: thailandiar masajea, luzaketak edo erlaxatzeko ariketak besteak beste.

Zorte apur batekin, zure lehen AkroYoga eskolarekin bidaia infinitu bati hasiera emango diozu. Mundu berri bat irekiko da zure aurrean, barreak eta ilusioak pizteko espazio bat izango da, lagunak egin eta erlazionatzeko modu berriak bizitzeko lekua. Eta nola ez, zure burua modu sakonagoan ezagutzeko modu bat. Bidaia horretan irakaslea lagun izango duzu. Berak, diploma edo tituluen gainetik, ikasleen bihotzetara heltzeko gai izan beharko du. Jarduera segurua sortuko du taldearentzat eta pasioa kutsatzeko gai izango da. Irakaspenak pertsona bakoitzari, eskola bakoitzari, une bakoitzean moldatzeko gai izango delako.

Berrikusketa azkarra:

  •  Ez duzu bikotean etorri behar, eskolako denboran kide askorekin egongo zara.
  • Zure mugak onartu itzazu, adi eta modu kontzientean lan egin, zure burua edo kideak ez mintzeko.
  • Eskolako jarrera edo sekuentzia guztiak egiteko gai ez bazara, ez etsi: normala da! Lortuko duzu!
  • Kontuz! AkroYogak zaletasun handia piztu dezake.
Zer arropa mota erabili beharko nuke AkroYoga egiteko?
AkroYoga egiteko arropa erosoa nahikoa duzu, hau da, mugimenduak hedadura osoan egin ahal izateko arropa. Bikotearekin lotuta geratuko ez den arropa edo katramilak eragingo dituen arropa baztertu. Yogarako erabiltzen den arropa aukera ona izaten da (nahiz eta, azken aldiko Yogaren inguruko modaren boomarekin badiren uhalak, lokarriak edota transparentziak dituzten eta nik baztertuko nituzkeen jantziak), baina kirolerako edo besterik gabe, eroso sentitzen duzun arropak balioko du (kontuan izan zenbait akroyogi famatuk jeanak erabiltzen dituztela…).

Aholku orokor batzuk:

  •  Baztertu gerrikoak edo poltsikoak dituzten prakak: oinetan trabatu daitezkeelako.
  • Baztertu irristatzen diren ehunak edo oihalak.
  • Arropa estua praktikoagoa da, batez ere hegaz egiterakoan. Jarrera iraulietan (buruz behera eta hankak gora) ere gomendagarria da gorputzari pegatuta geratzen den arropa.
  • Ile luzea baduzu, jasota eraman eta ekidin katigatu daitezkeen matxarda, apaingarri edo elementuak.
  • Belarritakoak, lepokoak eta eskumuturrekoak kendu: jardueran katigatu egin daitezke, apurtu edota zauriak eragin ditzakete.
  • Eskola aurretik ez jarri krema hidratatzailerik, azala irristakor egon ez dadin, edo lurrin bizirik, kideenganako errespetuagatik.
Eskolara zerbait eraman behar al dut? Aldez aurretik prestakuntzarik egin behar al dut?
Ezetz esango nuke. Ur botila bat eramatea ideia ona izan daiteke, hori eta izerdirako eskuoihala. Eskola edo Jam sesioa aire zabalean bada, hobe duzu zure estera propioa ekartzea.

Gomendagarria da AkroYoga egin baino lehen bazkari oparoegia ez egitea (bestela, buruz behera zaudenean arazoak izan ditzakezu). Fruta aleak edo jaki arinak egokiak dira, baina egokiena digestioa bukatua izatea duzu.

Aldez aurreko betebehar bakarra: zure gaitasunen gaineko aurreiritziak bazter uztea. Eman aukera ustekabe atseginei!

Zer dira “Oinarria”, “Hegalaria” eta “Spotterra”?
Oinarriaren rola duen pertsonak hegalaria eusten du. Oinarria lurrean etzanda egon daiteke (L-basing, belly-basing,…), zutik ere egon daiteke (standing) edo, eserita. Oinarriak hegalaria eusteko oinak, eskuak, zango-bizkarrak, izterrak, sorbalda,… erabili ditzake. Konbinazio pila dago!

Hegalariaren papera beste bat da. Hegaldatua den pertsona zenbaitetan oinarriak egindako mugimenduei jarraitzen die. Ordea, oinarriak eta hegalariak elkarrekin sortzen eta eraikitzen dute mugimendua. Batak besteari laguntza ematen dio, oreka eta harmonia lortzeko.

Hirugarren posizioa, zaintzeko ardura duena, gutxietsiena izaten da. Pertsona edo talde hauei (momentuaren eta teknikaren arabera singularra edo plurala izango da) Spotter rola dagokio. Zaintzaileak edo spotterrak eginkizun eta ardura anitz ditu: hegalaria erori ez dadin euskarri izatea; oreka lortzeko zentroa aurkitzeko gida izatea; lerrokatzeak zaintzea; eta orokorrean laguntza emateko prest egotea eta adi egotea. Spotterraren lana berebizikoa da eta hasiera batean uste daitekeena baino zailagoa. Argazki edo bideoetan agertzen ez bada ere, spotterra ezinbestekoa da AkroYogan.

Hegan egin nahi dut baina horretarako pisutsuegia eta handiegia naizela uste dut.
Nahi duzun papera hartu dezakezu! AkroYoga gorputz tamaina eta forma guztietarako da egokia. Egia da hasieran zu baino pisutsuagoa eta altuagoa den oinarria topatzeak edo oinarrian esperientzia gehiago duen bikoteak, bidea erraztuko dizula. Baina pisua eta altuera baino askoz inportanteagoa da zure gorputz kontzientzia, zure gorputza integratzen jakitea eta aktibo mantentzea. Horrela lortuko duzu zure mugimenduak leunak eta jarioak izatea.

Eta gogoratu: hegalaria ez da bere pisuaz arduratzen, oinarriaren ardura da kudeatu dezakeen gehienezko pisua ezagutzea.

Oinarria izan nahi dut, baina txikiegia naiz edo ez dut nahikoa indar.
Tontakeriak! Hasieran edo ariketa berriekin, oinarrian bazaude, zure tamaina edo txikiagoa den kidearekin irudiak eta trantsizioak probatzea gomendagarria da, batez ere pisua eskuetan jarriko denean. Halere, akroyogan garrantzia gehiago du teknikak indarrak baino. Horregatik, modu zentzudunean lan egitea bilatuko dugu: indar-lerroen edo karga lerroen kontzientzia hartuko dugu eta grabitatearen indarra, gorputzaren palanka naturalak eta kontra-balantzak erabiliko ditugu. Izan ere, indarraren garapena praktikaren ondorioa besterik ez da eta beraz, ez da aldez aurreko baldintza. Teknika irabazten zoazen heinean gai izango zara oinarrian egonda zu baino pisutsuagoak eta handiagoak diren pertsonak erraz hegaldatzeko.
AkroYoga arriskutsua al da? Zer gertatzen da erortzen banaiz? Eta norbait nire gainean erortzen bada?
AkroYoga EZ da arriskutsua izango baldin eta kontzienteki eta arretaz egiten baduzu. Ezinbestekoa izango da spotterrarekin edo zaintzailearekin lan egitea. Funtsezko edo zentzuzko ideiak buruan izango ditugu beti. Eta ahal den guztietan, irakasle on baten ikuskapenarekin egingo dugu segurtasun handiagoa izateko.

Argi izan oinarria, hegalaria eta spoterra direla inguru segurua sortzeko arduradun nagusiak. Leku egokia aukeratzeko (ahal bada kolpeak leunduko dituen tatamiarekin) altzari, lanpara edo zutaberik gabeko espazio irekia bilatu beharko duzu. Taldeko komunikazioak argia izan beharko du, hartu denbora gauzak argitzeko. Erabateko arreta eta kontzientzia mantendu behar da jarduerak irauten duen denboran. Zintzotasuna eta prestutasuna beharrezko dira norberaren mugak onartzeko. Progresioak errespetatu egin behar dira, eta horretarako atal aspergarriak asko landu beharko dira eta adimenarekin lan egin beharko duzu beti. Eta noski, alkohola eta bestelako drogak lekuz kanpo daude.

Eskoletan spotterrarekin lan egiten dugu beti eta mugimenduak progresioan ikasten ditugu: zailtasun maila txikitik hasita, oinarri sendoak eraikitzeko lan eginez, ondoren zailtasuna areagotzen joateko. Modu seguruan nola erori ere ikasiko dugu eskoletan, spoter eta guzti, munduko arreta guztiarekin ere, erorketak gertatzen direlako. Erortzea eta berriz altxatzea ikasketaren parte dira. Eta eskoletan norbait erortzean nola jokatu behar dugun ikasiko dugu. Irudi edo mugimendu bakoitzak dituen arrisku eta erorketa motak ezagutuko ditugu. Horrela, erorketak kontrolpean izango ditugu, min egiteko edo lesioak izateko aukerak txikiagotzeko eta ahal bada, lurra jotzea irribarre iturri izan dadin.

Haurrek AkroYoga egin al dezakete? Nire seme-alabak AkroYoga eskolara ekar al ditzaket?
Haurrekin egindako AkroYoga zoragarria da. Irudi eta mugimendu asko oso dibertigarriak dira, errazak eta ia edozein adineko haurrentzako egokiak. Gehienak liluratu egingo dira. Halaber, helduentzako eskolak helduei zuzenduak egon ohi dira, eta sarritan antolakuntza eta edukia ez dira haurrentzat egokiak izango. Argibidea eskatu irakasleari, berak gomendatuko dizkizu familiari zuzendutako AkroYoga eskolak edo haurrentzako AkroYoga.
Zer da Jam bat? Zergatik joan beharko nuke Jam sesioetara ahal bezain beste? Doako klasea al da?
Jam bat AkroYoga egiteko topaketa da. Eskoletan ikasitako azken sekuentziak praktikan jartzeko aukera bat da, edo Instagram edo Youtuben ikusitakoak saiatzeko. Ikasita dituzun teknikak beste kideekin partekatzeko momentua da, beste akroyogiak ezagutzeko lekua, komunitatea osatzeko bidea da Jam topaketa. Baina guzti horren gainetik, haurren moduan jolasteko testuingurua da: egiturarik gabe, lehiaketarik gabe, jostaketa hutsagatik, mugimenduan egotearen plazeragatik, jolasteagatik eta elkarrekin izateagatik.

Jam bat ez da eskola bat. Bertan gauzak ikasiko dituzun arren eta irakasteko prest dauden pertsonak topatuko badituzu ere. Eta Jam topaketak ez dira eskolen ordezkoak, jarduera praktikatzeko (egiten ikasten delako) testuinguru egokiena baizik. Izan ere, eskolak ezinbestekoak dira segurtasunez lan egiten ikasteko, konfiantza irabazteko eta ikasketa programa antolatu eta logikoa jasotzeko.

Eguraldia aldeko denean, jam topaketak kanpoan, agerian egin ohi dira, parke edo hondartzetan esaterako. Orduan doako ekintzak izaten dira. Baina areto edo espazio itxi batean egin behar direnean, alokairua ordaindu behar izaten da, eta hori elkarrekin egiten da.

 

Zalantzak dituzu oraindik? Harremanetan jarri!

661 950 447

5 + 1 =